Espainiako itzuliaren antolatzaileek nafar parlamentariekin bilkura ukatzea nafar jendartearekiko errespetu falta ikaragarria da
- Published on Ostirala, 17 Abuztua 2012 12:13
- nafarroa
- 0 Comments
Euskal nortasunaren, hizkuntzaren eta ikurren presentzia ziurtatzeko eta honetarako dauden deialdietan parte hartzeko deia egiten diogu nafar jendarteari.
ESAITEK bihar 13:30ean kontzentrazioa deitu du Baluarten, kalejira egiteko baimena ukatua izan ostean.
Bildu eta Nabaiko Aralarreko parlamentariek bilkura eskatu zuten orain hilabete Espainiako Itzuliaren antolatzaileekin. Erantzunik jaso ez eta azken asteotan saiakera berriak egin dira beraiekin harremanetan jarri eta bilera eguna zehazteko. Baina Espainiako Itzuliaren antolakuntzak ezezko borobila eman die gure ordezkari instituzionalei.
Bilera horren zioa, euskal nortasuna, hizkuntza eta kultura errespetatzeko eskaera egitea zen, izan ere aurtengo itzulia Iruñea, Biana, Barakaldo eta Eibarretik pasatzen baita besteak beste.
Ezezko hau errespetu falta ikaragarria dela deritzogu, eta ez soilik nafarrek aukeratutako ordezkari instituzional batzuen eskaera zilegiari muzin egitearren, baizik eta bilera horretan Espainiako Itzuliak euskal lurraldeak zeharkatzen dituen heinean, bertako biztanle guztiei zor dien errespetuan kale egitearren.
Euskaldunok kirol zaletuak gara, eta txirrindularitza bereziki maite dugun herria gara, baina krisi garaiotan milioi bat euro inbertitzea Espainiako itzulia Nafarroatik pasa dadin ez dugu begi onez ikusten, hezkuntzan eta osasungintzan etengabe murrizketak egiten ari diren honetan, ez zaigu premia biziko gastu bat iruditzen. Are gutxiago erabaki parte hartzailea izan ez denean, Euskal Herriko bestelako kirol jarduerei finantzazioa kendu zaienean eta gure lurrarekiko errespetu ezean egingo bada.
Honen guztiaren aurrean, Espainiako Itzuliaren Antolatzailea den Unipublic enpresaren jarrera salatu nahi dugu, eta baita Nafar Gobernuarena ere, ekimen honen babesle nagusia dena. Halako ekimen handi bat ezin baita jendarteari bizkar emanda burutu, ez eta bertako eskaera linguistiko eta kulturalei jaramonik egin gabe. Unipublic-ek Nafarrok aukeratutako parlamentariengan erakutsitako jarrera guztiz salagarria da.
Honenbestez, deialdia luzatu nahi diogu nafar jendarte osoari, Espainiako Itzuliak Euskal Herrian egingo dituen saioetan euskal ikurrez jantzi dezan ibilbidea. Eta gure atxekimendua agertzen dugu ESAIT euskal selekzioaren aldeko iritzi taldeak , “ Euskal Herria bizirik! Nazioa Gara” lelopean, eguerdiko 13:30ean Baluarten deitu duen kontzentrazioan parte hartzera


Leave a Reply