Etxarriko udalbatzak eta herritarrek gogor salatu dituzte egunotan izandako erasoak
- Published on Ostirala, 10 Abuztua 2012 11:24
- nafarroa
- 0 Comments
Erasoak salatzeko, ERASORIK EZ ETXARRIARROI!!! lelopean kontzentrazioa burutu zuten Etxarrin atzo gaueko 21:30etan.
Azken egunetan Etxarriko Udaleko hautetsi eta langileek hainbat irain, mehatxu eta eraso larri jaso dituzte.
Hona gertaeren segida:
- San Adrian erromeria egunean (ekainak 16), goizean San Adrian Baselizan pintaketa bat agertu zen udal langile eta hautetsiei heriotza mehatxua egiten ziena.
- Egun horretan bertan, gauez udalbatza eta herritarrak erromerian herrira jaisten ari zirela, pintaketan mehatxatua agertzen zen langile baten bordak su hartu zuen, itxura guztien arabera, norbaitek eraginda. Borda kiskalita agertu zen.
- Ekainaren 21eko Osoko Bilkuran, Udalbatzak, aho batez, gertaera larri horiek salatu zituen mozio baten bidez. Langileek ere elkartasunezko idazki bat sartu zuten Osoko Bilkuran.
- Baina oraingoan, ordea, eraso horiek oso gertaera larri batekin izan dute segida: Etxarriko festen bezperan (abuztuak 3), gauez, norbaitek beste udal langile baten etxeari su eman zion, bertan langilea bera eta bere hainbat familiako zeudela. Zorionez, familiako kide bat erasoaz konturatu zen, eta suhiltzaileei garaiz abisatu ahal izan zien, eta erasoak kalte materialak besterik ez ditu eragin. Izan ere, kaltetua dago etxearen alde bat: leihoak, pareta, balkoia, ur eta gas tutuak… Etxe barruko areto bat ere kaltetua izan da.
- Kontuan izan behar da, bestalde, apirilaren amaieran ere Etxarriko Udaleko hautetsien kontrako hainbat pintaketa ere agertu zirela inguruko industriaguneetan.
Segida hori ikusirik, oso kezkaturik gaude udaleko kide guztiok, eta baita ere etxarriar guztiok.
Hortaz, azken honetan Etxarriko udaleko hautetsi eta langileen aurka egondako erasoak direla eta, Etxarriko udalbatzak, langile eta herritarren izenean:
Gogor salatzen ditu egunotan Etxarriko udaleko kideek jasan dituzten eraso, irain eta heriotza mehatxuak, oso gertaera larriak izan baitira. Babes osoa ematen die irainak jasan dituzten hautetsi eta langileei, eta bat egiten du beraiekin.
Nabarmendu nahi du langileen lana udalaren ardurapean egina dela, eta udalak berak duela langileen jardueraren erantzukizun guztia. Adierazten du, batetik, udal hautetsiak herritarrek hautatutako ordezkari legitimoak direla, eta bestetik, udal langileak herritarren zerbitzura zintzoki lan egiten duten pertsonak direla. Hortaz, udal hautetsi eta langileak iraintzea etxarriar guztiak iraintzea ere badela.
Konpromisoa hartzen du, mehatxuak mehatxu, beharrezkoak diren erabaki administratiboak hartzen jarraitzeko, eta beharrezkoak diren praktika politikoak zintzotasunez eta zorroztasunez gauzatzeko, elkarlanaren eta parte-hartzearen bidez. Dei egiten die etxarriar guztiei, elkarbizitzaren alde eta gizarte demokratiko bat eraikitzearen alde lan egin dezaten, irainak eta probokazioak alde batera utzita.
Eta bestetik, adierazi nahi dugu eraso lazgarri horien salaketa egin dutela kaltetuek epaitegian, eta Etxarriko Udala aztertzen ari dela prozesu honetan guztian akusazio partikular moduan agertzea. Bestalde, prozesu eta gertaera guztien jarraipen xehea eginen da udal taldearen ohiko bileretan.



Leave a Reply