UPN ultra-eskuindarraren politika ekonomikoarekin lotuta dago

Aitziber Sarasola eta Maiorga Ramirez Bildu Nafarroako parlamentariek prentsaurrekoan aztertu dute PPren neurri ekonomikoen aurrean UPNk duen jarrera.

Prentsaurrekoaren testua:

“Beste behin ere neurri ekonomikoen zerrenda berri bat iragarri digute, beste behin ere jendartearen gehiengoaren aurka eginez, baina batez ere, gehien behar dutenen aurka gogor eginez. Raxoi jaunaren gobernuak ez du nahi krisiaren ondorioak berau sortu zutenek ordaintzea, urteetan geure, denon diruarekin espekulatuz aberastu diren horiek sortu dutena ordaintzerik ez du nahi.

BEZa igotzea bezalako neurriak edo langabezia saria murriztea, eskubide sozialen kontrako neurri larriak dira. Herritar asko eta askoren bizi kalitatea urratzea alegia.

Administrazioko langileen kasuan, haien lan baldintzak eskastea eraso bidegabea da, izan ere, langile hauek jendarteari eskaintzen dizkioten zerbitzuen kontra zuzen eragiten baitute.

Eta hauexek dira UPNk babestu dituen neurriak Lourdes Goicoecheak Madrilen emandako bozaren bidez. Izan zuten bilera hartan (Consejo de Politica Fiscal financiera) Alderdi Popularreko Kontseilariak berak, Alderdi Popularraren guraizeen kontra azaldu ziren, baina UPNk alde bozkatu zuen. UPNk kontziente izan behar du, hilabeteak direla jada, Nafarroako jendartearen gehiengoa nahikoa dela esaten ari zaiola. Jendartea ez dagoela prest haien kudeaketa ekonomiko kaskarraren ondorioak ordaintzeko, ezta PPrekiko duten mendeko jarrera ere. Bilduk jada eskatu du Lourdes Goicoechea Kontseilariaren agerraldia nafar guztion eskubideak ez dituelako defendatu, beren funtzioen utzikeria eginez.

Oraindik ez dugu entzun Barcina ezer esaten Alderdi Popularraren neurri berrien ondorio larri eta kaltegarriei buruz, UPNk begiak itxita lagundu dituen neurri horiek. Ez, Barcina anderea, horrela ez da gobernatzen. Arazoei aurre egin behar zaie eta konponbideak proposatu behar dira; ez du balio esatea behartuak gaudela Raxoik esaten duen guztia betetzera, baina, aldi berean, Madrilen, aldeko bozka ematen jarraitzea langileen eskubide sozialak erasoz jarrai dezaten.

Eraso honen kontra jendea kalean mobilizatzen ari den bitartean, Nafarroako Parlamentuan ez dago ez batzorderik, ez osoko bilkurarik. Konpon zitekeen ikuskizun lotsamangarria geuk proposatu bezala, hilabete hau lan hilabetea izendatu izan balute, baina, UPN, PSN eta PPk geure proposamenaren kontra bozkatu zuten. Horregatik ez dugu ulertzen, nola orain proposatzen duen PSNk uztailean eta beharrezko diren abuztuko egunetan batzordeak deitzea. Zergatik ez zuten orduan geure proposamena onartu? Geure aldetik NaBairekin batera eskatu dugu ahalik eta lasterrean mahai eta bozeramaleen junta elkartzea, gai hauei buruz mintza daitezen.

Mobilizazioekin jarraitzea garrantzikoa da; langileen lan eskubide eta eskubide sozialen aldeko defentsa hesia eraikiz joatea ezinbestekoa da eta horregatik, egun hauetan egin diren deialdietan parte hartzeko gonbitea luzatu nahi dugu.”