UPNk eta PSNk jendartearen eskakizunei jaramonik ez eta murrizketei eutsiko diete
- Published on Ostirala, 08 Ekaina 2012 12:39
- nafarroa
- 0 Comments
Azken aste honetan UPNk eta PSNk eskaini duten ikuskizunaren azken kapitulua ikusten ari gara. Nafarroako Gobernua geldirik utzi ondoren, berriro ados jarri dira murrizketen politikarekin jarraitzeko. Oraindik nafar jendarteak ez daki zenbat milioi kendu behar duten ezta nondik ere, baina murrizketa politikak darrai.
Nafarroako Gobernua osatzen duten bi alderdiek herritar gehienon interesen gainean beren interes alderdikoiak jarri dituzte. Hezkuntzan, osasun arloan, kulturan edo politika sozialetan murrizketarik ez egiteko jendarteak egiten duen deiari jaramonik ez diote egin.
PSNri seriotasuna eta ardura eskatu genizkion. Nafarroako jendartearekin ez jolasteko. Itxurakeria alboratzeko eta UPN eta PPren politika ekonomikoarekin ez jarraitzeko. Baina, berriro ere UPNri laguntza ematea erabaki du, murrizketen kontra kalera ateratzen ari diren herritarrei bizkarra emanez.
UPN eta PSN Nafarroako familia askok bizi behar duten egoera latzaren erantzule zuzenak dira. Legealdi honen hasieratik gastu eta eskubide sozialak murrizteko erabakiak ezagutu ditugu, eta horrela jarraituko dute beren politika ekonomikoaren porrota nabarmena delako eta jendartearen gehiengoa ekonomikoki zigortzeko bakarrik balio duelako.
Inoiz baino beharrezkoagoa da kalera ateratzea osasun eta hezkuntza publikoaren alde, kulturaren alde, lanpostuen alde, lan eskubideen alde eta aldaketa sozial eta politikoaren alde. Eta, aldi berean, UPN eta PSNren politikari aurre egiteko.


Leave a Reply