UPN-PSN Koalizio Gobernuak politika neoliberalen indartzea ekarriko du

Yolanda Barcinak (UPN) eta Roberto Jimenezek (PSN) protagonizatzen duten itun politikoak ez du ezer berririk ekartzen, orain arte ezagututako politikekin aurrera egitea ekarriko du, azken hamarkadetan izandako politika neoliberalekin jarraitu eta sakonduko dute. Horren adierazle da hezkuntzan egin nahi duten murrizketa berria, langileen plantila orokorrean 250 irakasle murriztuz eta hezkuntza sistema publikoa okerrera eramanez.

UPN eta PSNren arteko itun politikoaren helburu nagusia Nafarroako gehiengoak eskatzen duen aldaketa politiko eta sozialari ateak ixtea da. Zentzu horretan, akordio politiko lotsagarri hau justifikatzeko BILDU aitzakia moduan erabili izana burla hutsa da. Aitzakia horrekin ezkutatu nahi dutena akordio atzerakoi eta eskuindarra da. Gobernu Itun honen bitartez Madrildik jada iragarri dituzten aurrekontu murrizketak bultzatuko dituzte, %3,8a Estatuko aurrekontuetan, eta murrizketa hauek aurrekontu autonomikoen kasuan areagotuko dira. Eta politika atzerakoi hauek justifikatzeko BILDU txibo expiatorio moduan erabili dute.

Bestalde, Koalizio Gobernurako Itun honen eduki zehatzak PSN goitik behera lotzen du oposizio txikiena ere egin ahal ez izateko. Hala, Nafarroako Parlamentua iruzurraren parlamentu bihurtuko da, gobernu berriaren jarraipen hutsa izango da, eta gainera, Yolanda Barcinaren eta UPN alderdiaren menpe egonen da. Modu honetan, Nafarroako bizitza politiko eta instituzionala herritarren borondatean oinarritu beharrean, Konstituzioaren eta Foru Hobekuntza antidemokratikoaren marko estuari lotuta geratu ez ezik, Nafarroako bizitza politiko eta instituzionala UPN alderdi atzerakoiaren interes esklusiboei eta PSNren sumisioari lotuta geratuko da. Azken asteetan ehunka kanpaldi eta manifestalditan balizko demokrazia honi egindako kritika sakon eta erradikalei entzun-gor jarraituko diete.

Fiskalitatearen eremuan neurri aurrerakoiak hartzetik urrun gaude (Ondasunen Gaineko Zerga berreskuratzea, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga errenta txikien mesedetan errebisatzea, …), eta iragarri diguten gauza bakarra zera da, Elkarteen gaineko Zerga progresiboki murriztuko dutela. Hau da, kaleko jendearen patrikak xahutzen jarraituko dute Bankaren eta espekulatzaile handien mesedetara. Horren adierazle dugu Nafarroako Aurrezki Kutxaren egoera, duela gutxi arte izaera publiko eta soziala zuen eta azken urte honetan Banketxe bihurtu eta jabe berrien interesen menpe jarri dute.

Horrekin batera, Nafarroa 2012 Planaren porrota agerian geratu bada ere porlanean oinarritutako plan berri bat iragarri dute. Estatu mailan Toledo-Cuenca eta Madril-Lisboa bezalako AVEren linea batzuk mantentze gastu handiegiengatik ixten ari dituzten bitartean, hemen Nafarroan proiektu anitzak errebisatu beharrean, UPN-PSNren gobernuak AHT eta Nafarroako Ubidea ezarri nahi ditu exklusiboki Nafarroako inbertsio apostu bakarrak bezala.Baina ez dira hauek gobernuaren obra faraoniko bakarrak, hor daude ere Arena Pabilioia, San Ferminen Museoa edota Errauste Plana.

Laburrean esanda, hezkuntza, osasungintza, gizarte politikak edo enpresa txiki eta ertainak babestea bezalako jendartearen behar sozio-ekonomiko nagusiak asetzeko behar den dirua enpresa eraikitzaile eta porlanaren enpresei oparituko dizkiote, baita multinazional, enpresari eta inbertsore handiei ere.

Hizkuntza politikari dagokionez zer esanik ez. Despolitizazioaren izenean, askatasunaren eta inposizio ezaren izenean euskararen kontrako politikak aurrera egingo du Koalizio Gobernu honekin. Euskaraz ikasi eta bizitzeko nafarron eskubidea ez dute aipatu ere egin.

Politika sozialei buruz, hezkuntza, osasungintza zein asistentzia sozial mailan pribatizazioaren aldeko apustu irmoa ageri da. Hezkuntzan oso agerikoa da: lan orduak areagotu, langile kopurua murriztu, zerbitzuaren kalitatea txikitu… Osasunbidean ere martxan da, sare publiko eta pribatuen ekiparazioarekin hasi dira (Opusen Klinika, San Juan de Dios, …) eta Ongizate Sozialean ere bai (kontzertu politikei bultzada eman nahi diete zerbitzuen prestazio zuzena murriztuz). Ez dago zalantzarik, zerbitzu publikoak hondatzeko apustua egin dute, eta modu horretan sektore pribatuei laguntzak eta aurrekontuetan geroz eta partida ekonomiko handiagoak ematea justifikatuko dute.

Azkenik, austeritatearen aldeko apustu irmotzat aurkeztu zaigun hori sarkasmo hutsa dela azpimarratu nahi dugu. Batetik neurri horiek motzegiak geratzen direlako, izendatze libreko postuen %50a murriztu beharko litzateke, azken legegintzaldietan handitutako kopuru bera. Eta bigarrenik, neurri txiki hauekin ezkutatu nahi dutelako administrazioan beharrezkoa den sakoneko erreforma urgentea, gaur egun burokrazia handiegian, amigismoan, derrotxean eta eraginkortasun urrian oinarrituta dagoena.

Gure aldetik, UPN-PSNren arteko Koalizio Gobernuak ekarriko duen eskenatokia ikusita argi utzi nahi duguna ondorengoa da: gure lan parlamentarioaren bitartez eskuinak bultzatzen duen ereduaren porrota agerian utziko dugu; jendartearen benetako beharrei erantzuteko alternatiba, neurri eta ekimenak proposatuko ditugu, are gehiago bizi dugun krisi garai honetan; eta aldaketa politiko eta soziala bultzatuko duen blokearen eraikuntza bultzatzen jarraituko dugu.

Iruñean, 2011ko ekainaren 30an